ARTEA GIZARTEA ERALDATZEKO TRESNA GISA
Gaur egun geroz eta gehiago hitz egiten da gizartearen etengabeko aldaketaz, kultur aniztasunaz, inklusioaz, bazterkeriaz, elkarbizitzaz… Azken finean, gizartea eboluzionatzen ari da eta eskola gizarteak bizi duen errealitate aldakor honi erantzutea eta egokitzea ezinbestekoa da. Hezkuntza ereduak egun dagoen errealitateari erantzun behar dio: elkartrukeari garrantzia emanez eta gizartearen parte guztiei bere eragina aitortuz. Hala ere, eraldaketa, poliki-poliki ematen den prozesu konplexua da eta aldaketa indibiduala zein kolektiboa eskatzen ditu. Gizarte solidario, justu, kritikoa… eraikitzea guztion erantzukizuna da. Hau lortzeko, ezinbestean, gizartean ezarrita dauden harresiak (genero, koloreak, arrazak…) bota, puskatu behar dira, aurreiritzi kulturalak eta genero estereotipoak hautsiz, besteak beste.
Irakasle moduan, norberaren diskurtsoa definitzea eta lantzea beharrezkoa da, gero ezarrita dagoena zalantzan jartzeko eta modu kritikoan lan egiteko. Irakasleek beraien artean hitz egin, ideiak partekatu, hausnartu… behar dute, ez soilik informazioa kontsumitu. Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzak pertsona kritikoak sortzea du helburu, hori lortzeko, irakasleak eredu izan beharko duelarik.
Jardunaldi hauek, metodologia artistikoak Gizarte Eraldaketako tresna baliagarriak izan daitezkeela erakutsi digute. Tresna artistiko desberdinen bidez gauza asko ikasi eta partekatu daiteke, ikasteko beste modu bat eskaintzen dute, prozesutik eta taldetik ikasteko aukera emanez. Arteak beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera eskaintzen digu, hunkitu egiten gaitu eta errealitate desberdinak errazago barneratzen laguntzen digu. Errealitatean ematen diren gai zail eta potenteak modu errazagoan lantzeko aukera eskaintzen digu. Arteak ikertzea, begiratzea, ebaluatzea, bilatzea… dakar berarekin, eta begirada abenturan jartzeko aukera paregabea da.
Artea jolasa ere bada eta jolasak hezkuntzaren esparruan aukera bikaina eskaintzen du gizarte eraldaketari erantzuteko. Ideia hau azpimarratzeko, jardunaldietan aipatutako Francesco Tonucciren hitzak ekarri nahi ditugu gogora: “Todos los aprendizajes más importantes de la vida se hacen jugando”.
Bestalde, eraldaketa sozialean artearen erabilera aitortua dagoen heinean, hezkuntzan eraldaketarako tresna moduan ulertzea eta erabiltzea zaila izaten ari da. Hala ere, artea tresna eraginkorra izateko ezinbestekoa izango da kalitatea bermatzea, artean lanean dabiltzanei ardura aitortzea, testuinguru konkretura egokitzea…
Tailerrak oso aberasgarri eta interesgarriak izan dira, jolasaren bitartez komikia, ipuina eta antzerkia landu baititugu.
Komikiaren tailerrean hainbat gauza ikasi ditugu. Hasteko, komikia hitz egiteko era bat izan litekeela. Bertako marrazkiek informazio asko eskuratzen lagun diezagukete, eta batzuetan ez da bokadilorik edo ezer idazterik behar adierazi nahi dena adierazteko. Haur Hezkuntzari begira, haur batek bizi duen egoera eta bizipenen isla izan liteke. Izan ere, komikiak irudien bitartez kontatutako istorioak dira eta haien bitartez umeek hitzez espresatzen ez dituzten gauza asko irudikatzeko aukera dute. Komikia, sentsibilizaziorako eta gizarte eraldaketarako arte tresna baliagarria da.
Ipuin tailerrean ere gauza asko ikasi ditugu. Lehenik eta behin, esan behar dugu ipuinak oso baliabide eraginkor eta aproposak direla emozio ezberdinak ezagutu, identifikatu eta lantzeko. Modu ludikoan balore ezberdinak ezagutu eta lantzeko oso interesgarriak dira, hala nola, errespetua, enpatia, elkarbizitza, etab. Haur Hezkuntzari begira, ipuinak ezinbesteko baliabideak dira geletan eta haurrei asko gustatzen zaizkie. Gainera, haurrei errutinak gustatzen zaizkienez, ipuinak beti berdin kontatzea oso gustuko dute eta asko eskertzen dute, beti berdin kontatzeak segurtasuna ematen baitie. Horrez gain, ezin dugu ahaztu ipuinen bidez bizi garen errealitateko gai zail eta potente asko landu ditzakegula, bai zuzenki eta baita zeharka ere: errefuxiatuen gaia, aniztasuna, inklusioa... Honek besteen lekuan jarri eta pertsonak hobeto ulertzea ahalbidetzen duelarik.
Antzerki tailerrari dagokionez, bestearen lekuan jartzeko tresna interesgarria dela ohartu gara eta baita enpatia lantzeko egokia dela ere. Antzerkiak egoera desberdinak bizitzeko aukera ematen digu, hunkitu egiten gara eta emozioak askatzeko aukera ere eskaintzen digu. Eskolarako tresna interesgarria da, izan ere, honen bidez errealitate desberdinak landu daitezke eta egunerokoan sortzen diren gatazkak bideratzen laguntzen digu. Gainera, ezin dugu ahaztu antzerkia sentsibilizaziorako tresna garrantzitsua dela, eta honi esker mezu ezberdinak transmititu daitezkeela. Horrez gain, talde lana, protagonismoa... eta gauza ezberdinak landu daitezke.
Amaitzeko, irakaslearen rolaz arituko gara. Izan ere, gizarte eraldaketari erantzuteko, irakasleak gela barruan duen botereaz ohartzea oso garrantzitsua da, bera izango baita gelan dauden haur guztien eredua, beraz, eraldaketarako ezinbesteko protagonista izango da. Kontuan izan behar dugu, ume batzuk ikasketa emateko behar diren baldintza guztiak ez dituztela betetzen. Eskolan testuinguru egoki bat eskaini behar zaio haur bakoitzari erresilientziari tokia emanez. Horretarako, irakasleak bere egiteko modua gelaren errealitatera egokitu behar du, haur bakoitzaren errealitatea ezagutuz eta dimentsio guztiak kontuan hartuz (kognitiboa, afektiboa eta soziala). Aitortzea kosta egiten bazaigu ere, haur batzuentzat eskola da bere giza eskubideak bermatzen dituen testuinguru bakarra. Honekin batera, irakasleak berak daraman “motxila” ere onartu beharko du eta dimentsio hauek guztiak erregulatuak izan beharko ditu.
Azkenik, Ikastetxeak auzoarekin elkarlanean aritzea garrantzitsua izango da, kolektibo ezberdinak kontuan hartuz, giza eskubideak, bizi iraunkorra, genero parekidetasuna, elkarlana eta kulturartekotasuna errespetatzeko. Ikaskuntzarako eta praktika inklusiboak emateko, guztien oinarrizko eskubideak errespetatzea eta onartzea ezinbesteko baldintza izango da.
Comentarios
Publicar un comentario